2012/11/30

abendu eta urtarrileko egitaraua

Kaixo, lagunok!

Ikasturte berriko lehen egitaraua duzue hauxe.

Gozatu dohako saio ireki hauekin!



Beruna poltsikoetan
Ander izagirre kazetari eta bidaiariak idatzitako liburuan oinarrituta, Frantziako Tourreko istorio, pasadizo eta xelebrekeriak kontatuko dizkigu; esaterako, Tourrean parte hartzeko Bilbotik Parisaino bizikletaz joan zen Vicente Blanco ‘El Cojo’rena bezalakoak.

Noiz: abenduaren 3an, astelehena, 09:30ean
Non: Antiguako AEK euskaltegian
Eta
Noiz: abenduaren 5ean, asteazkena, 09:30ean
Non: Amarako Ikasbide Kultur Elkartearen egoitzan (Isabel II, 15)       





Antxon Mendizabal Sanz artistari bisita
Grosen duen tailerrera bisitan joango gatzaizkio Antxon Mendizabal Sanz, eskultore, margolari eta tailagileari. Lanak ikusteaz gain, solasaldia izango dugu bere obraz nahiz artista ibilbideaz.

Noiz: abenduaren 20an, osteguna, 18:00etan
Non: Groseko  Galtzara Nagusian duen tailerrean




Hitanoa
Ritxi Lizartza itzultzaile eta irakasleak hitano erregistro informalaren  ezaugarriez arituko da, eta zenbait jarduera burutuko ditugu adibide moduan. “ Etor hadi, lagun!”


Noiz: urtarrilaren 9an, asteazkena, 10:00etan
Non: Antiguako AEK euskaltegian
Eta
Noiz: urtarrilaren 15ean, asteartea, 18:00etan                           
Non: San Telmo museoan.




Badu bada
San Telmo museoko “Badu bada, euskara mundu eleanitzean” izeneko erakusketa erraldoira joango gara gida batek lagunduta.  www.badubada.com

Noiz: urtarrilaren 24an, osteguna, 17:30ean                                                                         

2012/06/26

Iriki atia prentsan


Euskararen ibilbidea Oihana Maritorena aktorearen eskutik.

Joan den astean gure saioek  oihartzuna izan dute euskal prentsan . Horren erakusgarri "Euskararen ibilbidea Donostian" Irutxuloko Hitzako erreportajea (osatuxeago hemen pdf-n ) eta "Euskal kantagintza berria" saioaren gainean Andoni Tolosa Morau musikariari Berrian egindako elkarrizketa irakurgai dituzu loturen gainean klik eginda.


Kantagintzari buruzko argazki gehiago hemen.

2012/05/31

Bertso eskolatxoa Amets Arzallusen eskutik


Ondoko irakaspena eman digu Amets Arzallusek Irrintzi-AEK euskaltegian:  denok dakigu bertsotan, eta gutxien uste dugunean egiten dugu bertsotan. Gaizki ere lotsarik gabe egin behar da, zeren eta gaizki ari garela uste dugunean, behar bada ongi ari gara.

Hasteko, bertsoaren nondik norakoak azaldu dizkigu entzuleriari galderak botata: Bertsoa zer da? Zein bertsolari ezagutzen dituzue? Zuen familian norbaitek egiten du bertsotan? Edo bertso zaharrak kantatzen ditu? Zer da errima bat? Zer da neurria? Nola egiten du bertsolariak bertsoa?

Parte hartzaileetako bat  Ametsekin solasean.

Bera bertsotan nola hasi zen kontatu digu gainera: sei urte zitueta aitak bertso hasiera emanda...


Bihar joan beharra dago ikastola?

honelaxe jarraitu omen zuen Ametsek:

Kotxez edo motorrez ez dakigu nola...

Youtubeko bideo honetan azaltzen du berak botatako edo, behinik behin, gogoratzen duen lehen bertsoa nola osatu zuen. Horrekin batera  guztion artean kantatu dugun bertso-sorta ere azaltzen da: jolastea da... Nonbait, Bilbon "prohibido jugar" zioen afixa irakurri ondoren osatutakoak. Horiek ahotsak horiek!


Jolastea da...            (haurtxo txikiaren doinuan)

Jolastea da eskutik heldu ta hankak paseatzea,
jolastea da pareta hizkitan irakurtzen saiatzea,
jolastea da ziba askatu ta zeba ahoskatzea...
Noren ideia izan da ama jolasa debekatzea?

Jolastea da zilipurdika lurrak kordea galtzea,
jolastea da adar batetik hankak zintzilikatzea,
jolastea da pixerreketan parkeak nabigatzea...
Ta kremaillera trabatu bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da denbora pasa ordularia galtzea,
jolastea da enbor batean zirkuluak kontatzea,
jolastea da kabira igo eta kuku kantatzea...
Ta masailean hatz marka bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da oherakoan ilargia itzaltzea,
jolastea da pijama jantzi ta ametsak esnatzea,
jolastea da kontrabentanan opari bat zabaltzea,
ta egunsenti lapurtu bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da kulunpioa, jolastea ohatzea,
jolastea da olatutxoa, jolastea baratzea,
jolastea da umetokia, jolastea da etxea...
Adin txikiko kartzela bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da zuhaitz atzean mundutik ezkutatzea,
jolastea da zapiarekin betiko eskapatzea,
jolastea da hitzak askatu, ta bizitzak asmatzea...
Debekuekin jolastea da jolasa debekatzea.

Eta bertso berriak ere osatu ditugu denon artean; jakina, Ametsen ezinbesteko laguntzarekin.

Hitz bat emanda, kasu honetan mobila, errimak bota ditugu parte hartzaileok. Guztietatik bila, abila eta leihatila aukeratuta, bertsoa egin dugu:

Zuk hala uste arren ez zara abila
kokoteraino zaude entzunez mobila
bota nahiko bazenu horra leihatila
baina bota orduko baietz joan bila

Eta beste bertso bat, entzule batek Rato hitza (Bankiako presidentea zena) proposatuta:

Asko jaten duena gelditzen da bapo
baina dena amaitzen da ta azkenean papo
Bankia sortu zuten baina zertarako
orain ikusi dugu zer gizon den Rato
a zer birigarro eta a zer pajarrako!

Eskerrik asko, Amets, gozamena izan duk.




2012/05/15

Maiatz eta ekaineko egitaraua

Hementxe duzue iriki atiako hurrengo asteetarako egitarau oparoa. On dagizuela!


Gau lana edo Kontrabandoa
Rosa Arburua irakaslea Bidasoa inguruko kontrabandoaz solastuko da, eta hamaika pasadizo eta anekdota kontatuko dizkigu.

Noiz: maiatzaren 22an, asteartea, 18:30ean.
Non: San Telmo museoan.                                                          

San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorra
Erakusketa honetan historiaren bilakaeran euskal gizarteari itxura eman dioten gertaera gogoangarriak, jokabideak eta pentsatzeko eta bizitzeko moduak aurkeztuko dizkigute.

Noiz: maiatzaren 24an, osteguna.

Bertsolaritza
Bertsoen nondik norakoak ezagutuko ditugu Amets Arzallus hendaiarraren laguntzaz, bai eta bertsoak osatu ere.

Noiz: maiatzaren  30ean, asteazkena, 09:30ean.
Non: Irrintzi AEK euskaltegian.                                                                                                                                                                             

Mikronesia (Itsaso Bareko irla multzoa)
Saio honetan bertako jendea nola bizi den ikusiko dugu: hango familiak nola antolatzen diren ikusi eta gure familia ereduarekin alderatuko dugu.

Noiz: ekainaren 5ean, asteartea, 09:30ean.       
Non: Antiguako AEKn                                                                                           
-----------------------------------------------------
Noiz: 1)ekainaren 6an, asteazkena, 17:00etan.
        2)ekainaren 7an, osteguna, 09:30ean.
Non: Amarako AEK euskaltegian

Donostiako euskararen historia
Donostiako euskararen historia laburbiltzen duen bisita gidatu bat udaletxetik aterata, Ijentea kaletik. Donostiako hainbat puntu esanguratsuetan geldialdiak egingo ditugu (Parte Zaharra- Erdialdea) eta ordu eta erdian Donostiako euskarari buruzko historiaren berri jasotzeko aukera izango da. 
 
Noiz: ekainaren 15ean, ostirala, 09:30ean.
Non: Ijentea kaletik (Udaletxe paretik) aibatuta.

Euskal Kantagintza Berria  
Ez dok Amairutik hasita Negu Gorriak bitarteko kantagitzari errepasoa emango diogu, bai eta kantarik garrantzitsuenak abestu ere, Andoni Tolosa Morauren gitarrak lagunduta.
 
Noiz: ekainaren 21ean, osteguna, 18:30ean.
Non: San Telmo museoan.                                                                      
                                                            
Saio irekiak DOAN!!
Izena aurrez eman behar da:Tel: 943 327611/607596112
donostia@aek.org http://www.irikiatia.blogspot.com


Mintza eguna

Aurtengo Mintza Eguna Santurtzin izango da, ekainaren 2an. Egitaraua: itzela, eta azpimarratzekoa: Gurasolaguni indarra eman nahian, umeak bereziki kontuan hartu dira egitaraua diseinatzerakoan.
Informazio gehiago: http://praktikatu.blogspot.com.es/



2012/04/23

Mihiluze jolasa San Telmon











Telebistako saio arrakastatsuaren moduko jolas batean parte hartu nahi baduzu, azal zaitez asteazken honetan, hilak 25, 18:30ean, San Telmo museoaren areto nagusira.
Parte hartu nahi ez baduzu ere, joan zaitez ikusle modura eta ederki pasako duzu!!!

2012/03/09

Sagardoetxera egindako bisita



Florentziako italiar gazte Liberok Sagardoetxera egindako bisitan ikusi eta egindakoak kontatu dizkigu bi hitzetan, autozuzenketa eta guzti!


2012/02/23

San Telmo museoarekin lankidetzan




Hemendik aurrera iriki atiaren barruko saio bat izango da hilero San Telmo museoko areto nagusian. Gainera, hainbat saiotako edukiak museoko erakusketekin lotuta egongo dira.

Lankidetza honen lehen erakusgarria joan den astean izan genuen, hain zuzen ere, Karakorumeko zamaketariak izenpeko diaporama-solasaldi arrakastatsuaren 3. eta azken saioa.

2012/02/09

Otsail eta martxorako egitaraua



Otsail eta martxorako prestatu dugun egitaraua duzue ondokoa. Animatu, eta etor zaitez, ederki pasako dugu eta!


Naturaren Argazkilariak
“Wildlife Photographer of the Year” naturari buruzko argazkigintza-lehiaketa garrantzitsu eta ezagunena da, mundu osoko milaka argazkilariren partaidetza erakartzen duen urteko gertakari nagusia baita alor honetan. Kutxako Boulevard aretoan ikusgai dagoen erakusketa iazko lehiaketan epaimahaiak saritu zituen 81 irudiek osatzen dute. Ikustaldi gidatua hitzartu dugu behean aipatutako datan.

Noiz: otsailaren 10ean, ostirala, 9:00etan.
Non: Boulevardeko kutxa aretoan.

(taldea elkartuz gero, ikustaldi gidatu gehiago hitzartzeko aukera dago.
Epea: otsailaren 29a)

Karakorumeko zamaketariak
Ander Izagirre kazetaria goi mailako mendizaleekin ibilia da Karakorumen. Bertan, “sherpek” mendizaleen arrakastan duten garrantziaren testigu izan da. Baina, zamaketariok esplotatuta daude? Ikusentzunezko parte hartzaile honetan horrelako galderei erantzungo diegu.

Noiz: otsailaren 15ean, asteazkena, 18:30ean.
Non: San Telmo museoan.

Barry Barrez
Bakarrizketa saioa egingo du Barry Manley irlandar euskaldunak, euskara ikasteko haren prozesuari eta "hizkuntzak ikasteko sistema bereziari" buruzkoa, hain zuzen, eta ondoren, ikusleen galderei erantzunez, solasaldia.

Noiz: otsailaren 17an, ostirala, 09:30ean.
Non: Amarako AEKn (Ordoñez kalean)
--
Noiz: martxoaren 22an, osteguna, 18:30ean.
Non: Irrintzi-AEKn

Sagardo etxera bisita
Astigarragako Sagardoetxean sagarrrondoen aldaketatik hasita sagardoa ekoizi arteko prozesua ezagutzeko aukera izango dugu. Gainera hamaiketakoa eskainiko digute: muztioa, sagardoa, sagar likorea eta bina pintxo dastatuko ditugu.
Autobusa goizeko 9etan irtengo da, Sagardoetxean 9:15erako egoteko.

Noiz: martxoaren 2an, ostirala.

Mihiluze jolasa
Ondo pasatzeko aukera izango duzu telebistako lehiaketa arrakastatsuan lagunartean jokatuta!

Noiz: martxoaren 23an, ostirala, 10:00etan.
Non: Antiguako AEKn

2012/01/19

Karakorumeko zamaketariak Ernest Lluchen



Ander Izagirre kazetaria goi mailako mendizaleekin ibilia da Karakorumen. Bertan, “sherpek” mendizaleen arrakastan duten garrantziaren testigu izan da. Baina, zamaketariok esplotatuta daude? Ikusentzunezko parte hartzaile honetan horrelako galderei erantzungo diegu.

Noiz: urtarrilaren 25ean, asteazkena, 10:00etan
Non: Amarako Ernest Lluch kultur-etxean