2011/12/19

Mintzalaguna ekimena saritu dute




Gipuzkoako Foru Aldundiak Mintzalaguna ekimena saritu du Anton Abadia sariarekin, eta zehazki, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen Mintzalaguna ekimenak jaso zuen joan zen ostiralean abenduaren 16an Foru Aldundiaren jauregian.
Anton Abadia sariak, 1996an sortua, euskararen normalizazioaren alde nabarmendutako pertsona eta elkarteen jarduna saritu nahi du. Aurten, hamalaugarren edizioan, Mintzalaguna ekimenak egindakoa.
ZORIONAK GUZTIEI!!!

2011/12/16

Euskal mitologia saioak

Atzo saio bana gidatu zuen Amaran eta Grosen Aritza Bergara mitologiazaleak.




Goiko argazkian Groseko parte hartzaileak ikusi ahal ditugu euskal mitologiako hainbat pertsonaiari buruz dakitenaz hitz egiten (nolakoak diren, non bizi diren, kondairak...), bai eta mitologiaren gaineko hainbat baieztapenen inguruan jarduten. Behekoan, berriz, Aritza aditua parte hartzaileek esandakoak osatzen eta beste zenbait azalpen ematen.

Eskerrik asko parte hartu dutenei!!! Eta Aritzari, jakina!!!

2011/12/07

Abenduko iriki atia saioak

Kaixo, denoi!!!

Ikasturte berriko lehen iriki atia saioekin gatozkizue. Gogoratu, hilero-hilero, ekaina bitarte saioetan parte hartzeko aukera izango duzuela, doan!!!

Hauexek dira abenduko saioak:

Himalayako zamaketariak
Ander Izagirre kazetaria goi mailako mendizaleekin ibilia da Himalayan. Bertan, “sherpek” mendizaleen arrakastan duten garrantziaren testigu izan da. Baina, zamaketariok esplotatuta daude? Ikusentzunezko parte hartzaile honetan horrelako galderei erantzungo diegu.

Noiz: abenduaren 13an, asteartea, 09:30ean
Non: Antiguako AEK euskaltegian

Euskal mitologia
Euskal Mitologiako pertsonaiarik esanguratsuenak ezagutzeaz gain, gure mitologiaren ezaugarri nagusien berri izango dugu Aritza Bergara adituaren eskutik.

Noiz: abenduaren 15ean, osteguna, 16:00etan
Non: Amarako AEK euskaltegian (Ordoñez kalean)
Eta
Noiz: abenduaren 15ean, osteguna, 18:30ean
Non: Groseko Irrintzi AEK euskaltegian

Arrantza erak
Arrantza egiteko dauden sistemak ezagutzeko aukera emango digu Untzi Museoko saio honek. Azalpenen osagarri, bideo bat ikusteaz gain, partehartzaileek eskulana egingo dute:
atunetarako "maluta" bat, hain zuzen.

Noiz: abenduaren 16an, ostirala, 10:00etan
Non: Untzi Museoan.

Mariscal. Bizipoza
Bartzelonako olinpiadetako Cobi maskotaren sortzaile izan zen Javier Mariscalen erakusketa bisitatu ondoren, birziklatutako materialarekin gune bat apaintzeko balioko diguten eskulturak egingo ditugu Kubo-Kutxa aretoan.

Noiz: abenduaren 23an, ostirala, 09:30ean
Non: Zurriolako Kubo-Kutxa aretoan

2011/06/23

"Bidaiatzeko moduak" saioen kronika laburra


Groseko Irrintzi-AEKn eta Okendo kultur etxean

“Bidaiatzeko moduak” diaporaman modu independientean bidaiatzeko arrazoiak eta abantailak komentatu genituen Mikel Arredondo bidaiariarekin egindako bi saiotan.

Bidaiatzeko modu batzuk (bizikleta, autobusak, furgonetak, trenak, itsasontziak autostop…) ere aurkeztu zituen, baita bakoitzaren aldekoak zein kontrakoak ere. Bidaiatzeko modu hauek Mikelek bidaietan egindako argazkiekin irudikatu zituen eta gertatutako hainbat istorio kontatu ere bai.

Bukatzeko, bidaiatzeko zer behar den eta nola lortu azaldu zuen: pasaportea, bisatuak, txertoak, hegazkin txartelak, bai eta non bilatu herrialdearen berri ere: janari, hizkuntza, musika, literatura…

Hau guztia parte hartzaileen galderak eta iruzkinak tartekatuz.

2011/06/06

Udan ere mintzalaguna



Udan ere mintzalagun taldeak osatuko ditu Bagera elkarteak, uztaila eta abuztuan.

Izen ematea jada zabalik dago, ekainaren 1etik 27ra izango da. Mintza taldeak ekainaren 30ean osatuko dituzte.

Hilabete bakoitza 30 euro izango da eta bi hilabeteetan parte hartuz gero, 50 euro.

Ikasturtean zehar aritu direnen kasuan, ordea, hilabete bakoitza 20 euro kostako da eta bi hilabeteak 30 euro.

Izena emateko aukerak:
- BAGERAn (Katalina Eleizegi 36, behea)
- 943467181 telefonoan
- www.mintzalagunabagera.wordpress.com
- Nahi izanez gero, ibilitako euskaltegiaren bidez

Eta euskaraz hitz egiten badakizu eta astean ordu beteko tartea baduzu, euskara ikasten ari direnei laguntzeko aukera duzu laguntzaile izanda. Prest bazaude, arestian aipatutako izena emateko aukerez baliatu.

2011/06/02

Ekaineko iriki atia saioak


Ikasturtearen azken txanpako saioak dituzue hauek:

Bidaiatzeko moduak (bi saio)
Mikel Arredondok bidaiari independientearen mundura eramango ditu, arrazoiak arrazoi, oraindik bere kontura bidaiatu ez duten pertsonak. Horretarako, bidaiatzeko modu desberdinak eta kontuan hartu beharreko gutxienekoak aurkeztuko ditu.

Noiz: ekainaren 14an, asteartea, 15:30ean.
Non: Groseko Irrintzi-AEK euskaltegian
eta
Noiz: ekainaren 14an, asteartea, 18:30ean.
Non: Groseko Okendo kultur etxean

Hitz eta pitz
Euskaltegiko hainbat ikastalde elkartuta, zenbait gai aurkeztu eta jorratuko dira taldetxotan: “Hiri hondakinekin zer egin?”, “Txakurrak hirian” eta “Babes ofizialeko etxebizitzak”. Taldetxoetako partaideak aldatuko dira gaiz gai. Ordubeteko saioa.

Noiz eta non: euskaltegiak erabakiko du.

Historiaren Etxera bisita gidatua
Urgull mendi gaineko talaia naturalean, Motako Gazteluan, Historiaren Etxeak “Donostiari begira” erakusketa du ikusgai. Erakusketa Donostiako historian zehar egindako ibilbidea da, sorrera unetik Zabalgunea egin eta hiria finkatu arte. Bide horretan, hiriaren ekonomia, hirigintza eta gizartearen garapena, bere festak eta tradizioak azaltzen ditu eta une historiko garrantzitsuenak azpimarratzen ditu.

Noiz: maiatzaren 26an, osteguna, 10:00etan
eta
Noiz: ekainaren 9an, 18:30ean

Eureka Zientzia Museora bisita gidatua. Bi jarduera:
Elektrizitate ikuskizuna: oinarrizko kontzeptu batzuk ezagututa elektrizitatea zer den ikasiko duzu. Tesla, Van der Graaf eta beste hainbat tresna erabiliko ditugu hainbat esperimentu egiteko. Ileak tentetuko zaizkizu!
Eta bi aukera: Planetariuma bisitatu edo museoa bera bisitatu.

Noiz: ekainaren 7an, asteartea, 10:00etan

Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara bisita (bi saio)
Argeliako saharar errefuxiatuen kanpalekuetako hezkuntza bereziko eskoletan izan dira hiru euskaldun, besteak beste fisioterapeutak eta hezitzileak trebatzen.

Noiz: ekainaren 21ean asteartea, 09:30ean.
Non: Amarako AEK euskaltegian (Isabel II.ean)
eta
Noiz: ekainaren 22an asteazkena, 10:00etan.
Non: Antiguako AEK euskaltegian.

2011/05/11

Donostiako Udalaren hizkuntza politikaren azterketaren ondorio gazi-gozoak, Kontseiluaren arabera





Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu ditu, herritarrengan duten eragina handia delako. 2010ean 116 herritan egin da bigarren neurketa, ziklo politiko oso bat iragan denean, hain zuzen ere, eta honen bidez Euskal Herri osoan 2.410.450 biztanlerengan eragina duten hizkuntza-politiken azterketa jaso da.

Donostiako Udalari dagokionez, 4 urte hauetan hizkuntza-politikan aurrera egin dela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. "2006an 5,38ko nota izatetik 2010ean 6,46 izatera pasa da. Hiriburuen artean hizkuntza-politika egokiak definitzen dituen mailara iristeko gertuen dagoena da. Hobetzeko bidea badu oraindik, ordea. Nagusiki laguntza bidezko politika du eta hizkuntza-eskubideen bermerako erabaki mailako neurriak ez ditu maila berean garatzen. Bestalde, hizkuntzaren trataera kasurik onenean orekazkoa da eta ez da euskararen aldeko diskriminazio positiborik egiten. Bi ezaugarri nagusi hauetan aldaketak ematea da aurrera egiteko modua", adierazi du Indak. "Aurrerapauso handiena langile guztiak erabilera planetan sartzean ikus dezakegu, baita 0-3 urteko hezkuntza soilik euskaraz eskaintzean. Hizkuntza paisaian dezente aurrera daitekeela esan liteke eta ez dela egon joera koherenterik behatutako elementuen artean" gaineratu du.
Modu zehatzagoan, azpimarragarriak diren elementuak aurkeztu dira: "Ordenantza, plan orokorra eta euskara zerbiztua ditu. Langile guztiak erabilera planetan sartuak daude eta euskalduntzeko aukera eskaintzen zaio langileari. Herritarrekiko harreman zuzena duten azpikontratazioetan eta herritarren aholkularitzarako zerbitzu espezifikoetan hizkuntza-irizpideak dituzte. Merkataritzan euskara sustatzeko egitasmoa du abian eta merkatariei horri begirako laguntzak ematen zaizkie.". Halere, hobetu beharreko hutsuneak ere nabarmendu dira: "Langile kontratatu berri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabakirik. 20 udal ataletik soilik 2k lan egiten du euskaraz. Udalak diruz lagundutako talde eta entitateek errotulazioa euskaraz izan dezaten erabakirik ez da hartu. Udalak hizkuntza-paisaian eta komunikazioetan euskara erabiltzeko erabakia hartua badu ere, erdara hutsezko edo nagusiki erdaraz diren elementuak daude (obretako txartela eta zamaketakoak dira horren adibide). Ez da erabakirik hartu udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten enpresek txostenak ele bietan helarazteko. Praktika handieneko kirol eskaintzan helduek zailtasunak dituzte zerbiztua euskaraz jasotzeko", besteak beste. Honek guztiak donostiarren hizkuntza-eskubideak urratzeko bide ematen duela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek eta bestelako hizkuntza-politika bat posible dela azpimarratu. Izan ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak definitua du euskara normalizatzeko Hizkuntza-Politika Berri Eragingarria eta Paul Bilbaok bertaratutako ordezkari politiko eta sozialei eman die, elkarlanean aritzeko prestutasuna adieraztearekin batera.
Kontseiluak udalen hizkuntza-politikari lotuta egiten dituen proposamenak, datuak eta irakurketak http://www.udalenhizkuntzapolitika.org/ web gunean jaso dira.

2011/05/10

Erabilera bultzatzea izango da Euskararen Donostiako Plan Orokor berriaren helburu nagusia


Donostiako Udalak 2011-2015 aldirako Euskararen Donostiako Plan Orokorra onartu du. Bereziki euskararen ezagutza landu duen 2001-2010 aldirako plana ordezkatuko du onartu berri den planak eta ezagutzatik erabilerarako jausia egitea izango du helburu nagusia. Izan ere, 2006an donostiarren %40,4 ziren euskaldunak eta %26,6 ia euskaldunak baina Soziolinguistika klusterrak egindako azterketa baten arabera, euskararen kale erabilera %18,2koa zen. Erabilera sustatzeko hainbat lan esparru finkatu ditu Euskararen Plan Orokorrak: irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, familia, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak, hizkuntza baliabideak eta corpusa, eta euskararen motibazioa eta sustapena.

2011/03/25

Perfumeak eta lurrinak



Maddalen Marzol andoaindar gazteak perfume eta lurrinei buruzko saioa eskaini zigun "Perfumeria Urbieta" lurrin dendan. Parte hartzaileak Bageraren Mintzalagun egitasmoko hainbat lagun eta AEK-ko zenbait ikasle izan ziren. Hemen klik eginda argazkiak ikusi ahal izango dituzue. Argazkietan ikusten den bezala, parte hartzaileak usain gozagarriz joan ziren etxera, hamaika lurrin probatuta.

Hemen azpian Maddalenek saioan azaldutako teoriaren laburpena duzue:

USAIMEN PIRAMIDEA

-Irteera: Lehendabizi usaitzen diren notak, 5-15 minuturen bat irauten dute (normalki zitrikoak, loreenak edo piperbeltza bezelako espeziaren bat).
-Bihotza: Ondoren datozen notak, 10 bat minutu igarota azaltzen dira eta 30-60 minutu artean irauten dute (loreenak, espeziak…)
-Hondoa: Lurrinaren oinarria. Gehien irauten duten notak eta lurrinari finkapena ematen diotenak. Hauen presentzia areagotu egiten da 60 minututik aurrera (vetiver-a, patxulia, anbarra, musketa, zedroa, larrua, banilla…).
•Badaude bilakaerarik ez duten lurrin linealak ere.

USAIMEN FAMILIAK

Hesperideak
Familia honetan dauden lurrin guztiak bergamota, limoia, laranja, mandarina eta arabisagarra bezelako zitrikoez daude osatuak bereziki, laranjondotik eratorritako (azahar-a, petit-grain, neroli-a…) osagaiekin batera. Lurrin hauek beraien freskotasun eta arintasunagatik nabarmentzen dira. Era hontakoak ziren lehenengo “Eau de Cologne”-ak.

Berdeak
Hosto eta belarren usaina edukitzen dute. Hala nola, huntza, albaka, pikondoaren hostoa… Gehienetan nota zitriko edo loreenez lagunduak izaten dira.

Loreena
Famili honetan, lore bakarraren usaina dutenetik asko nahasten dituztenetara aurki daitezke. Perfumegileek beraien sormenaren arabera ukitu berde, fruituenak edo espeziatuak eman ditzakete lurrinean. Bere usain naturalagatik, loreen nota, lurringintzan egon daitekeen garrantzitsuenetako bat da.

Orientalak
Lurrin orientalak, batzuetan anbar-atuak ere deituak, beraien epeltasun eta sentsualitatearengatik bereizten dira. Musketa, banilla eta egur bitxiak bezelako materialak dira aberastasuna ematen dietenak, eta askotan lore exotiko eta espeziaz lagunduak egoten dira.

Egurrenak
Egurtutako bihotzak izaera epel eta aberatsa ematen die, sandaloa eta patxulia bezelako notak gailentzen direnean, eta aldiz lehorragoak zedroa edo vetiver-aren presentziarekin

2011/02/28

Martxoko egitaraua


Azpian martxoko saioei buruzko informazioa duzue. Gogoratu saio irekiak direla, baina saioren batera joan nahi izanez gero, aurrez izena eman behar dela. Lasai ederrean etorri!

Mihiluze jolasa
Ondo pasatzeko aukera izango duzu telebistako lehiaketa arrakastatsuan jokatuz; eta sariren bat irabaz zenezake!

Noiz: martxoaren 4an, ostirala, 09:30ean
Non: Groseko Irrintzi AEK euskaltegian

Brasil (bi saio)
Uhaina Atxotegik bere lagunarekin Brasilgo ipar kostan eta Amazonian izandako bizipenak izango ditugu mintzagai, bidaian egindako argazkien laguntzaz.

Noiz: martxoaren 10ean, osteguna, 11:45ean
Non: Amarako AEK euskaltegian (Ordoñez kalean)
Eta
Noiz: martxoaren 17an, osteguna, 18:00etan
Non: Antiguako AEK euskaltegian


Lurrin eta perfumeak (hiru saio)
Maddalen Marzol andoaindarrak lurrin (usain gozo) eta perfumeei buruz hitz egingo digu saio teoriko-praktikoan, izan ere perfume laginak probatzeko aukera izango dugu eta nolakoak eta zein osagai dituzten azalduko digu.

Noiz: martxoaren 2an, asteazkena, 16:00etan
Non: Amarako AEK euskaltegian (Ordoñez kalean)
Eta
Noiz: martxoaren 9an, asteazkena, 10:00etan
Non: Antiguako AEK euskaltegian
Eta
Noiz: martxoaren 16an, asteazkena, 18:00etan
Non: “Perfumeria Urbieta” lurrin-dendan, Urbieta 14 kalean.

2011/02/22

Donostiako Udalaren Hizkuntza Politika

Azken lau urteetan asko hobetu da Donostiako Udalaren Hizkuntza Politika: 4,22 puntu izatetik 6,47ra igaro da, Kontseiluaren ikerketaren arabera. Irakurri gehiago...

2011/02/04

Donostiako Korrika denda zabalik


Atzoz geroztik, zabalik da Donostiako Korrika denda. Bihar, larunbata, hilak 6, arratsaldeko zazpietan irekiera ekitaldia egingo dugu, bertsolariak entzunez eta sagardoa dastatuz. Etor zaitezte!

ALDAMAR 1 Kalea.

ORDUTEGIA
Ostegunetan eta ostiraletan
17:00-20:00
Larunbatetan
10:30-13:30 eta 17:00-20:00

2011/01/31

Otsaileko egitaraua



Hona hemen iriki atiako otsaileko saioak:

Kontraindarkeriak
Emakumeenganako erasoei buruzko praka artistikoak izeneko erakusketari bisita egingo diogu Koldo Mitxelenan, gida baten laguntzaz.

Noiz: otsailaren 2an, asteazkena, 9:30ean
Non: Koldo Mitxelena kulturunean


Mihiluze jolasa (bi lekutan)
Ondo pasatzeko aukera izango duzu telebistako lehiaketa arrakastatsuan jokatuz; eta sariren bat irabaz zenezake!

Noiz: otsailaren 10ean, osteguna, 11:45ean
Non: Amarako AEK euskaltegian (Ordoñez kalean)
Eta
Noiz: otsailaren 23an, asteazkena, 10:00etan
Non: Antiguako AEK euskaltegian


Kalendula ukendua
Itziar Salegi sendabelarretan eta aromaterapian adituak Kalendula ukendua nola prestatzen den eta zertarako erabil dezakegun azalduko digu. Gainera, norberak egindako ukendua eramango du opari.

Noiz: otsailaren 15ean, asteartea, 18:00etan
Non: Itziarren Osasun Eskolan (Isabel II, 3)


Brasil
Uhaina Atxotegik bere lagunarekin Brasilgo ipar kostan eta Amazonian izandako bizipenak izango ditugu mintzagai, bidaian egindako argazkien laguntzaz.

Noiz: otsailaren 24an, osteguna, 15:30ean
Non: Groseko Irrintzi AEK euskaltegian


Gogoratu: parte hartu nahi izanez gero, aurretik izena eman beharra dago.

Zure zain gaude!

2011/01/19

Palindromoak Markosen eskutik



Markos Gimeno Vesga ermuarraren eskutik saio eder zein bitxiez gozatu ahal izan genuen atzo Grosen. Argazkiak ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.
Palindromoen ezaugarriez jardun genuen, hala nola, historiaz, esanahiaz, konposizioaz, eta abarrez.
Gainera, ariketa praktikoak ere burutu genituen, palindromoak osatuz. Ariketa gehiago egiteko aukera dago Markosek berak kudeatzen duen blogean, astelehenero palindromo ariketa bat zintzilikatzen baitu.
Eta palindromo txukunak osatuz gero, garaiz zaudete Arrasateko AED elkarteak antolatutako leihaketara aurkezteko. Animatu, sari politak baitaude!

2011/01/17

Mendi eskultoreari egindako bisitaren berri


Joan den ostiraleko Irutxuoko Hitzan bezperan Antxon Mendizabal Sanz "Mendi"ri egindako bisitaren berri eman dute. Irakurtzeko klik egin lotura honetan.