2018/12/05

Abendu-urtarrileko iriki atia saioak



Goiko irudiak dioenaren aurka, Iriki atia saioei bukaera ez, hasiera eman genion joan den astean. Hasiera bikaina, gainera, izan ere, Zineuskadi elkarteak finantzatzen duen Filmazpit programatik HAPPY END (Michael Haneke, 2017) filmaren emanaldi berezia antolatu zen Euskaraldiaren baitan. Zinemaz gozatu ondoren Maider Oleaga zinemagileak gidatu zuen tertulian parte hartu genuen.

Abendu-urtarrilerako prestatu ditugun saioak dituzue jarraian:


"Bestea naiz" erakusketa Koldo Mitxelenan

Agerikoak diren arrazoiengatik, migrazioak gaur-gaurko gai bilakatu dira azken urteetan. Gai horri helduz, Alicia Txillida arte komisarioak errealitate hori lantzen duten hamalau artistaren lanak bildu ditu Koldo Mitxelena Kulturuneko erakustaretoan antolatutako azken erakusketan.
Abenduaren 13an, osteguna, 18:15ean



Tabakalerara bisitan

TabakaleraProiektu kultural honek garai batean Donostiako tabako fabrika izandako eraikinean du egoitza. Eraikinaren historia eta berezitasunak, bertan lan egin zuten pertsonen memoria eta esperientziak, eta egungo proiektu kulturalaren espazio eta arloak ezagutzea izango da bisitaren xedea.

Urtarrilaren 30ean, asteazkena, 09:30ean.





Kayakez Groenlandian, iceberg eta glaziar artean

Josune Otxotorenaren diaporama: "Artikoko uharte honetan pilatzen omen da gure planetako  ur gezaren hamarrena, oraingoz. Itsasertzeraino heltzen diren glaziarren mihien aurrealdeetan nabigatzen, fiordoetako berdeen artean, ur urdinetan barrena iceberg zuriak ferekatuz ibili gara kayaketan..."
 
Abenduaren 10ean, astelehena, 09:30ean, Antiguako AEKn
Abenduaren 11n, asteartea, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean
Abenduaren 13an, osteguna, 09:30ean, Amarako AEKn





Erlea eta erlezaintza

 

"Erlemundua" egitasmoko Bidatz Sasiainek Erlea eta erlazaintza: naturarentzat ezinbesteko sinbiosia gaiari buruz hitz egingo digu.
Urtarrilaren 14an, astelehena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean 
Urtarrilaren 15ean, asteartea, 10:00etan, Antiguako AEKn
Urtarrilaren 16an, asteazkena, 18:00etan, Antiguako AEKn 
Urtarrilaren 30ean, asteazkena, 09:30ean eta 17:00etan, Amarako AEKn





2018/06/13

Geza, gozo edo mingots, egingo dugu txoootx!

Irrintzi-AEK euskaltegiko Antton Tardagila ikasleak irabazi du VI. Euslogan lehiaketa "Geza, gozo edo mingots, egingo dugu txoootx" sagardoa sustatzeko esloganarekin.
Sagardo Tourrerako bi pertsonarentzako bonoa oparitu diogu.
Bejondeizula, Antton!


2018/06/11

Badugu euslogan lehiaketaren irabazlea!!!


Groseko Irrintzi-AEKren ikasle Antton Tardaguila izan da Euslogan lehiaketaren irabazlea; hain zuzen, "Geza, gozo edo mingots, egingo dugu txoootx!" esloganarekin irabazi du. 

Bigarren lekuan ex aequo bi aekide gelditu dira: "Sagardoaren aparra, bizipozerako garra" leloarekin Oskar Elizburu debagoienarra, eta "Sagarretik, sagardoa; sagardotik, poz-giroa" esloganarekin Aitor Fdez. de Martikorena getxoztarra.

Zorionak, Antton! 
 







2018/06/04

Euslogan lehiaketan jasotako esloganak



Guztira 50 eslogan jaso ditugu, guztiak sagardo zaporekoak. Datorren astean jakinaraziko dugu irabazlearen izena; adi egon, bada. Jarraian jasotako esloganak:


Sagardoaren aparra, bizipozerako garra

Edantzak baxoerdi sagardo eta egintzak euskaraz, Bernardo!

Euskaltzale, izan sagardozale!

Sagardoa eskuan, euskara ahoan!

Sagardoa non, euskara han!

Sagardoa euskaldunon nektarra

Sagardoa dastatu, txuleta batekin gozatu

Hala botilan, nola kupelan sagardoa gustatzen zait edan

Hustu da kupela, bete dut sabela

Sagardoa, kupela, txotx, ez daukat batere lots

Hau da hau egarria, sagardoz busti ezazu ba eztarria

Ura duen sagarra, edaten dudan bakarra

Sagarraren ozpinak ematen du buruko mina.

Geza, gozo edo mingots, egingo dugu txoootx!

Ez da txantxa sagardotegiko martxa

Gure sagardoa probatu eta bere zaporea zabaldu.

Hemengo sagardoa probatu eta gurekin geratu.

Afalondo edo bazkalondoa, horra sagardoa.
Botila edo upela, sagardoa beti itzela.
Dastatu sagardoa, eta gozatu mordoa!
Egarritu ahala, sagardo naturala.
Dastatzean sagardoa, egarria badoa.
Euskal estiloa: sagardoa.
Euskal metodoa: nahi dugunean, sagardoa.
Euskal sagardoa: izena eta izenondoa.
Euskaldunak non, sagardoa han.
Euskara eta sagardoa, beti bat.
Ez bota dadoa: aukeratu sagardoa.
Ez burua nekatu: sagardoa eskatu!
Ez kezkatu eta sagardoa eskatu!
Freskoa eta gozoa: sagardoa.
Geurea, noski, sagardoa!
Gurean, gurea: sagardoa atera!
Jatetxe edo ostatu, sagardoa eskatu.
Lagun-giroan, sagardoa ondoan.
Natural eskatu sagardo naturala.
Nori berea, guri sagardoa.
Nork bere usadioa; guk, sagardoa.
Sagardoa badago, poza ere bai.
Sagardoa edanda, egarria joan da.
Sagardoa ezpainetan, euskal musua.
Sagardoa, egarriaren erdian dardoa.
Sagardoa, gure gogoa.
Sagardoa, jai hutsa.
Sagardoaren aparra, bihotzeraino garra.
Sagardoaren onura: freskura eta natura.
Sagardoaren txinparta, aparta.
Sagarretik, sagardoa; sagardotik, poz-giroa.
Taberna edo sutondoa, beti ona sagardoa.
Upela edo botila, habil sagardo bila!

2018/05/17

Maiatz-ekaineko saioak

Ikasturte honetako azken saioak dituzue ondoko hauek:



Donostia, itsas hiria
Itsasoari loturiko historia luzea dauka Donostiak. XIX. mendean turismoari begira jarri bazen ere, ordura arte itsas merkataritza, ontzigintza, arrantza eta aktibitate kortsarioak izan zituen ardatz hiriak. Donostiak gordetzen ditu oraindik ere uki daitezkeen ondare materialak. Horiexek deskubrituko ditugu gida batek lagunduta Bretxa inguruan hasi eta Parte Zaharrean barrena ibilita.

Maiatzaren 25ean, ostirala, 10:00etan, Bretxan.
Ekainaren 13an, asteazkena, 10:00etan, Bretxan.














Hasiberria
Filmazpit euskarazko azpitituludun zinema zabaltzeko programaren barruko filma da "Hasiberria".
Sinopsia: Benoit hamalau urteko mutikoak landa utzi du Parisera bizitzera joateko. Aurreneko eskola eguna uste baino zailagoa gertatuko zaio eta berehala bakartuta sentituko da. Egun batean, Johanna, suediar ikaskide berria helduko da eskolara eta hura arazorik gabe kuadrilla ezagunenean sartuko da. Benoitek, osabaren aholkuak jarraituz, ikaskide guztiak etxean antolatuko duen festara gonbidatuko ditu. Aukera paregabea izango da bere burua ezagutzera eman eta bide batez, Johannarengana gerturatzeko.
Nerabeak protagonistak dituen film frantzes ederra.

Maiatzaren 23an, asteazkena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean
Maiatzaren 30ean, asteazkena, 09:30ean, Amara Berri AEKn
Maiatzaren 30ean, asteazkena, 16:30ean, Amara Berri AEKn




Euskal dantzak

Erromerietako edo plazetako euskal dantzei hastapena emango diegu Kresala dantza taldekoen eskutik. 
Maiatzaren 18an eta 25ean, ostiralarekin,  19:00etatik 20:30era, Kresalan (Euskal Herria kalea, 9).


2018/05/14

VI. EUSLOGAN LEHIAKETA



Uda honetan *Sagardo Tourrean parte hartzeko aukera irabazi!

Bi lagunentzako **bisita gidatua, sagardo dastaketa eta bazkaria sagardotegian!

*Info+: https://labur.eus/Sz1DH (Gipuzkoako sagardogileen elkartea)
                           
**Bisitak aukeran garraioa barne: bertako  produktuen azoka (Tolosa), Idiazabal J.D.B. gaztandegia (Zerain), Albaola itsas kultur faktoria (Pasaia), Flyscharen ibilbidea geoparkean (Zumaia).







Sagardoa sustatu eta saria eskuratu!

Donostiako AEK-k euskarazko eslogan lehiaketa antolatu du euskara ikasle zein euskaldun ororentzat.

Euskarazko sormena lantzea du helburu; izan ere, erdaraz pentsatutako goiburu edo esloganak nagusi baitira egun publizitate arloan.

Aurtengo lehiaketan sagardoa sustatzeko esloganak osatu beharko dira.

Adibide moduan, iazko lehiaketan ingurumenaren aldeko esloganen artean “Ingurumena amilka, Lurra intzirika” leloak irabazi zuen.

OINARRIAK:
1.- 2018ko maiatzaren 14tik ekainaren 3ra egongo da zabalik lehiaketan parte hartzeko epea, eta nahi adina eslogan bidali ahal izango dira.
2.- Esloganak euskara hutsean izango dira.
3.- Esloganek jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izan behar dute.
4.- Gaia: esloganak sagardoa sustatuko du.
5.- Esloganak honako helbidera bidali behar dira: donostia@aek.eus honako datuak erantsiz: izen-abizenak, herria eta harremanetarako telefono zenbaki bat.
6.- AEKren Donostiako euskaltegietako arduradunek eta AEK-ko komunikazio arduradunek osatuko dute epaimahaia. Epaia ekainaren 16an jakinaraziko dugu www.irikiatia.blogspot.com  orriaren bitartez, eta apelaezina izango da.
7.- Saria: Bi lagunentzako bisita gidatua, sagardo dastaketa eta bazkaria sagardotegian, garraioa barne.
8.- Parte hartzaileek AEKri uzten diote, esklusiban, esloganak erabiltzeko eskubidea.
9.- Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarrion erabateko onespena.

2018/02/07

Otsail-martxoko saioak

Hepa!!! Agindu bezala, datozen bi hilabeteetarako programarekin gatozkizue. Ea zuen gustukoa den!!!


Rafael Munoa. Bi balearen harrapaketa, 1793

Untzi Museoak RAFAEL MUNOA artista donostiarraren inguruko erakusketa garatu du. 1763an Getaria eta Zarautz arteko uretan gertatutako bi baleen harrapaketa irudikatu zuen artistak 9 horma-irudi piktorikoren bidez, eta horixe jaso du erakusketak.

-Martxoaren 14an, asteazkena, 18:00etan, Untzi Museoan
-Martxoaren 15ean, osteguna, 10:00etan, Untzi Museoan
-Martxoaren 15ean, osteguna, 18:00etan, Untzi Museoan


Donostia eta inguruko herrien izenez

Aspaldiko dokumentuetan oinarritutako izenen mantentzeak, eboluzio eta eraldatzeak, interpretazioak, desitxuraketak, okertzeak... Gure toponimiara hubiltzeko saiakera egingo dugu Mikel Legorburu historiagilearen laguntzaz.

-Otsailaren 27an, asteartea, 09:30ean, Antiguako AEKn
-Otsailaren 28an, asteazkena, 18:30ean, Antiguako AEKn
-Martxoaren 14an, asteazkena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean




Yukon ibaia kanoaz. Urre sukarraren istorioak

XIX. mende amaieran 100.000 lagun abiatu ziren Kanadako lurralde hotz haietara. Aberasteko asmotan joan eta miserian bizitzea zer den frogatu zuten gehienek. Josu Iztueta bidaiazaleak ikusentzunezkoa eskainiko digu.

-Otsailaren 19an, astelehena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean
-Otsailaren 20an, asteartea, 18:30ean, Antiguako AEKn
-Otsailaren 21ean, asteazkena, 09:30ean, Antiguako AEKn.
-Otsailaren 21ean, asteazkena, 17:00etan, Amarako AEKn
-Otsailaren 22an, osteguna, 09:30ean, Amarako AEKn



2018/02/02

Urtarrileko saioak


Madagaskarri buruzko hainbat saio jaso ditugu, Josune Otxotorenak maisuki (ala "andereñoki" esan behar genuke?)eskainiak. Irudietan saio bateko argazkia, batetik, eta uharte hartako animaliarik fotogenikoena, bestetik: lemur buztan eraztunduna.







Bestetik, koadrilla polita hurbildu zen Kubokutxako Paloma Navaresen erakusketa ikustera. Paloma Navares argiarekin jolasten da bere artelanetan; eta geu ere, erakusketa bisitatu ondoren, argiarekin jolastu ginen: lanparatxo modukoak egin genituen, led argitxoekin, potoen tapekin eta plastiko zurruna erabilita, nork bere erara apainduta, argazkian ikusten den moduan. Oparitxoarekin itzuli ginen nor bere etxera.



Datorren astean otsail-martxoko saioen berri emango dizuegu. Adi egon!