2012/11/30

abendu eta urtarrileko egitaraua

Kaixo, lagunok!

Ikasturte berriko lehen egitaraua duzue hauxe.

Gozatu dohako saio ireki hauekin!



Beruna poltsikoetan
Ander izagirre kazetari eta bidaiariak idatzitako liburuan oinarrituta, Frantziako Tourreko istorio, pasadizo eta xelebrekeriak kontatuko dizkigu; esaterako, Tourrean parte hartzeko Bilbotik Parisaino bizikletaz joan zen Vicente Blanco ‘El Cojo’rena bezalakoak.

Noiz: abenduaren 3an, astelehena, 09:30ean
Non: Antiguako AEK euskaltegian
Eta
Noiz: abenduaren 5ean, asteazkena, 09:30ean
Non: Amarako Ikasbide Kultur Elkartearen egoitzan (Isabel II, 15)       





Antxon Mendizabal Sanz artistari bisita
Grosen duen tailerrera bisitan joango gatzaizkio Antxon Mendizabal Sanz, eskultore, margolari eta tailagileari. Lanak ikusteaz gain, solasaldia izango dugu bere obraz nahiz artista ibilbideaz.

Noiz: abenduaren 20an, osteguna, 18:00etan
Non: Groseko  Galtzara Nagusian duen tailerrean




Hitanoa
Ritxi Lizartza itzultzaile eta irakasleak hitano erregistro informalaren  ezaugarriez arituko da, eta zenbait jarduera burutuko ditugu adibide moduan. “ Etor hadi, lagun!”


Noiz: urtarrilaren 9an, asteazkena, 10:00etan
Non: Antiguako AEK euskaltegian
Eta
Noiz: urtarrilaren 15ean, asteartea, 18:00etan                           
Non: San Telmo museoan.




Badu bada
San Telmo museoko “Badu bada, euskara mundu eleanitzean” izeneko erakusketa erraldoira joango gara gida batek lagunduta.  www.badubada.com

Noiz: urtarrilaren 24an, osteguna, 17:30ean                                                                         

2012/06/26

Iriki atia prentsan


Euskararen ibilbidea Oihana Maritorena aktorearen eskutik.

Joan den astean gure saioek  oihartzuna izan dute euskal prentsan . Horren erakusgarri "Euskararen ibilbidea Donostian" Irutxuloko Hitzako erreportajea (osatuxeago hemen pdf-n ) eta "Euskal kantagintza berria" saioaren gainean Andoni Tolosa Morau musikariari Berrian egindako elkarrizketa irakurgai dituzu loturen gainean klik eginda.


Kantagintzari buruzko argazki gehiago hemen.

2012/05/31

Bertso eskolatxoa Amets Arzallusen eskutik


Ondoko irakaspena eman digu Amets Arzallusek Irrintzi-AEK euskaltegian:  denok dakigu bertsotan, eta gutxien uste dugunean egiten dugu bertsotan. Gaizki ere lotsarik gabe egin behar da, zeren eta gaizki ari garela uste dugunean, behar bada ongi ari gara.

Hasteko, bertsoaren nondik norakoak azaldu dizkigu entzuleriari galderak botata: Bertsoa zer da? Zein bertsolari ezagutzen dituzue? Zuen familian norbaitek egiten du bertsotan? Edo bertso zaharrak kantatzen ditu? Zer da errima bat? Zer da neurria? Nola egiten du bertsolariak bertsoa?

Parte hartzaileetako bat  Ametsekin solasean.

Bera bertsotan nola hasi zen kontatu digu gainera: sei urte zitueta aitak bertso hasiera emanda...


Bihar joan beharra dago ikastola?

honelaxe jarraitu omen zuen Ametsek:

Kotxez edo motorrez ez dakigu nola...

Youtubeko bideo honetan azaltzen du berak botatako edo, behinik behin, gogoratzen duen lehen bertsoa nola osatu zuen. Horrekin batera  guztion artean kantatu dugun bertso-sorta ere azaltzen da: jolastea da... Nonbait, Bilbon "prohibido jugar" zioen afixa irakurri ondoren osatutakoak. Horiek ahotsak horiek!


Jolastea da...            (haurtxo txikiaren doinuan)

Jolastea da eskutik heldu ta hankak paseatzea,
jolastea da pareta hizkitan irakurtzen saiatzea,
jolastea da ziba askatu ta zeba ahoskatzea...
Noren ideia izan da ama jolasa debekatzea?

Jolastea da zilipurdika lurrak kordea galtzea,
jolastea da adar batetik hankak zintzilikatzea,
jolastea da pixerreketan parkeak nabigatzea...
Ta kremaillera trabatu bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da denbora pasa ordularia galtzea,
jolastea da enbor batean zirkuluak kontatzea,
jolastea da kabira igo eta kuku kantatzea...
Ta masailean hatz marka bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da oherakoan ilargia itzaltzea,
jolastea da pijama jantzi ta ametsak esnatzea,
jolastea da kontrabentanan opari bat zabaltzea,
ta egunsenti lapurtu bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da kulunpioa, jolastea ohatzea,
jolastea da olatutxoa, jolastea baratzea,
jolastea da umetokia, jolastea da etxea...
Adin txikiko kartzela bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da zuhaitz atzean mundutik ezkutatzea,
jolastea da zapiarekin betiko eskapatzea,
jolastea da hitzak askatu, ta bizitzak asmatzea...
Debekuekin jolastea da jolasa debekatzea.

Eta bertso berriak ere osatu ditugu denon artean; jakina, Ametsen ezinbesteko laguntzarekin.

Hitz bat emanda, kasu honetan mobila, errimak bota ditugu parte hartzaileok. Guztietatik bila, abila eta leihatila aukeratuta, bertsoa egin dugu:

Zuk hala uste arren ez zara abila
kokoteraino zaude entzunez mobila
bota nahiko bazenu horra leihatila
baina bota orduko baietz joan bila

Eta beste bertso bat, entzule batek Rato hitza (Bankiako presidentea zena) proposatuta:

Asko jaten duena gelditzen da bapo
baina dena amaitzen da ta azkenean papo
Bankia sortu zuten baina zertarako
orain ikusi dugu zer gizon den Rato
a zer birigarro eta a zer pajarrako!

Eskerrik asko, Amets, gozamena izan duk.