2011/05/11

Donostiako Udalaren hizkuntza politikaren azterketaren ondorio gazi-gozoak, Kontseiluaren arabera





Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu ditu, herritarrengan duten eragina handia delako. 2010ean 116 herritan egin da bigarren neurketa, ziklo politiko oso bat iragan denean, hain zuzen ere, eta honen bidez Euskal Herri osoan 2.410.450 biztanlerengan eragina duten hizkuntza-politiken azterketa jaso da.

Donostiako Udalari dagokionez, 4 urte hauetan hizkuntza-politikan aurrera egin dela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek. "2006an 5,38ko nota izatetik 2010ean 6,46 izatera pasa da. Hiriburuen artean hizkuntza-politika egokiak definitzen dituen mailara iristeko gertuen dagoena da. Hobetzeko bidea badu oraindik, ordea. Nagusiki laguntza bidezko politika du eta hizkuntza-eskubideen bermerako erabaki mailako neurriak ez ditu maila berean garatzen. Bestalde, hizkuntzaren trataera kasurik onenean orekazkoa da eta ez da euskararen aldeko diskriminazio positiborik egiten. Bi ezaugarri nagusi hauetan aldaketak ematea da aurrera egiteko modua", adierazi du Indak. "Aurrerapauso handiena langile guztiak erabilera planetan sartzean ikus dezakegu, baita 0-3 urteko hezkuntza soilik euskaraz eskaintzean. Hizkuntza paisaian dezente aurrera daitekeela esan liteke eta ez dela egon joera koherenterik behatutako elementuen artean" gaineratu du.
Modu zehatzagoan, azpimarragarriak diren elementuak aurkeztu dira: "Ordenantza, plan orokorra eta euskara zerbiztua ditu. Langile guztiak erabilera planetan sartuak daude eta euskalduntzeko aukera eskaintzen zaio langileari. Herritarrekiko harreman zuzena duten azpikontratazioetan eta herritarren aholkularitzarako zerbitzu espezifikoetan hizkuntza-irizpideak dituzte. Merkataritzan euskara sustatzeko egitasmoa du abian eta merkatariei horri begirako laguntzak ematen zaizkie.". Halere, hobetu beharreko hutsuneak ere nabarmendu dira: "Langile kontratatu berri guztiak euskaldunak izan daitezen ez dago erabakirik. 20 udal ataletik soilik 2k lan egiten du euskaraz. Udalak diruz lagundutako talde eta entitateek errotulazioa euskaraz izan dezaten erabakirik ez da hartu. Udalak hizkuntza-paisaian eta komunikazioetan euskara erabiltzeko erabakia hartua badu ere, erdara hutsezko edo nagusiki erdaraz diren elementuak daude (obretako txartela eta zamaketakoak dira horren adibide). Ez da erabakirik hartu udalari aholkularitza juridiko eta teknikoa eskaintzen dioten enpresek txostenak ele bietan helarazteko. Praktika handieneko kirol eskaintzan helduek zailtasunak dituzte zerbiztua euskaraz jasotzeko", besteak beste. Honek guztiak donostiarren hizkuntza-eskubideak urratzeko bide ematen duela adierazi dute Kontseiluko ordezkariek eta bestelako hizkuntza-politika bat posible dela azpimarratu. Izan ere, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak definitua du euskara normalizatzeko Hizkuntza-Politika Berri Eragingarria eta Paul Bilbaok bertaratutako ordezkari politiko eta sozialei eman die, elkarlanean aritzeko prestutasuna adieraztearekin batera.
Kontseiluak udalen hizkuntza-politikari lotuta egiten dituen proposamenak, datuak eta irakurketak http://www.udalenhizkuntzapolitika.org/ web gunean jaso dira.

2011/05/10

Erabilera bultzatzea izango da Euskararen Donostiako Plan Orokor berriaren helburu nagusia


Donostiako Udalak 2011-2015 aldirako Euskararen Donostiako Plan Orokorra onartu du. Bereziki euskararen ezagutza landu duen 2001-2010 aldirako plana ordezkatuko du onartu berri den planak eta ezagutzatik erabilerarako jausia egitea izango du helburu nagusia. Izan ere, 2006an donostiarren %40,4 ziren euskaldunak eta %26,6 ia euskaldunak baina Soziolinguistika klusterrak egindako azterketa baten arabera, euskararen kale erabilera %18,2koa zen. Erabilera sustatzeko hainbat lan esparru finkatu ditu Euskararen Plan Orokorrak: irakaskuntza, euskalduntze-alfabetatzea, familia, administrazioa, lan mundua, aisia, kirola, kulturgintza, komunikabideak, hizkuntza baliabideak eta corpusa, eta euskararen motibazioa eta sustapena.

2011/03/25

Perfumeak eta lurrinak



Maddalen Marzol andoaindar gazteak perfume eta lurrinei buruzko saioa eskaini zigun "Perfumeria Urbieta" lurrin dendan. Parte hartzaileak Bageraren Mintzalagun egitasmoko hainbat lagun eta AEK-ko zenbait ikasle izan ziren. Hemen klik eginda argazkiak ikusi ahal izango dituzue. Argazkietan ikusten den bezala, parte hartzaileak usain gozagarriz joan ziren etxera, hamaika lurrin probatuta.

Hemen azpian Maddalenek saioan azaldutako teoriaren laburpena duzue:

USAIMEN PIRAMIDEA

-Irteera: Lehendabizi usaitzen diren notak, 5-15 minuturen bat irauten dute (normalki zitrikoak, loreenak edo piperbeltza bezelako espeziaren bat).
-Bihotza: Ondoren datozen notak, 10 bat minutu igarota azaltzen dira eta 30-60 minutu artean irauten dute (loreenak, espeziak…)
-Hondoa: Lurrinaren oinarria. Gehien irauten duten notak eta lurrinari finkapena ematen diotenak. Hauen presentzia areagotu egiten da 60 minututik aurrera (vetiver-a, patxulia, anbarra, musketa, zedroa, larrua, banilla…).
•Badaude bilakaerarik ez duten lurrin linealak ere.

USAIMEN FAMILIAK

Hesperideak
Familia honetan dauden lurrin guztiak bergamota, limoia, laranja, mandarina eta arabisagarra bezelako zitrikoez daude osatuak bereziki, laranjondotik eratorritako (azahar-a, petit-grain, neroli-a…) osagaiekin batera. Lurrin hauek beraien freskotasun eta arintasunagatik nabarmentzen dira. Era hontakoak ziren lehenengo “Eau de Cologne”-ak.

Berdeak
Hosto eta belarren usaina edukitzen dute. Hala nola, huntza, albaka, pikondoaren hostoa… Gehienetan nota zitriko edo loreenez lagunduak izaten dira.

Loreena
Famili honetan, lore bakarraren usaina dutenetik asko nahasten dituztenetara aurki daitezke. Perfumegileek beraien sormenaren arabera ukitu berde, fruituenak edo espeziatuak eman ditzakete lurrinean. Bere usain naturalagatik, loreen nota, lurringintzan egon daitekeen garrantzitsuenetako bat da.

Orientalak
Lurrin orientalak, batzuetan anbar-atuak ere deituak, beraien epeltasun eta sentsualitatearengatik bereizten dira. Musketa, banilla eta egur bitxiak bezelako materialak dira aberastasuna ematen dietenak, eta askotan lore exotiko eta espeziaz lagunduak egoten dira.

Egurrenak
Egurtutako bihotzak izaera epel eta aberatsa ematen die, sandaloa eta patxulia bezelako notak gailentzen direnean, eta aldiz lehorragoak zedroa edo vetiver-aren presentziarekin