2019/02/12

Otsail-martxoko iriki atia egitaraua

Anima zaitezte eta hurbildu euskara ikasleekin gozatzera doako saio ireki hauetara! Eman izena aurrez antigua@aek.eus helbidera idatzita edo 943 218088 zenbakira deituta.


 

Gatazkarik gabeko teknologia


"Gatazkarik gabeko teknologia” ALBOAN GKEaren kanpaina bat da, eta haren asmoa da ezagutaraztea mugikorrek, tabletek eta ordenagailuek Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdeko gerrarekin duten lotura. Kanpainaren berri emango digute aipatu GKEko kideek.

Martxoaren 5ean, asteartea, 18:00etan, Antiguako AEKn 
Martxoaren 25ean, astelehena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean
Martxoaren 27an, asteazkena, 16:00etan eta 18:30ean, Antiguako AEKn





Euskarazko baliabideak eta segurtasun informatikoa

Iparra.eus web-orria kudeatzen du Xabier Martinek. Teknologiaren bitartez euskararen erabilera zabaltzea du helburu, eta horretarako baliabide asko jartzen ditu eskuragarri. Saio honetan aplikazioak eta jokoak euskaraz nondik deskargatu ahal diren azalduko du, baita gure gailuak, ordenagailuak eta mugikorrak, euskaraz nola konfiguratu behar diren ere. Gainera, segurtasun informatikoan egon daitezkeen arriskuak ere azalduko ditu (wifiaren arriskua, WhatsAppa nola hackea ahal diguten, ordenagailuen datuak lapurtu pasahitza jakin gabe, disko gogor baten datuak berreskuratu...)

Martxoaren 4an, astelehena, 16:00etan eta 18:30ean, Antiguako AEKn





Pirenaica. Mendietako kronikak bizikletaz 


Kantauritik Mediterraneora, Ander Izagirre idazleak Pirinioak bizikletaz zeharkatu zituen mendikateari buruzko kronikak biltzeko: frankismoaren esklaboek egindako errepideak; paisaia eraldatu zuten mitoak; Frantziako Tourreko aspaldiko txirrindulariak; mugaren aldrebeskeriak: ‘stop’ seinale baten erruz hasi zen gerra bat eta hiru behiren truke lortu zen bake-itun bat;  hartz lotsagabeak eta munstro lotsatiak; pintore kubistak, kondesa ilegorriak eta azeri bat.
Otsailaren 25ean, astelehena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean 
Otsailaren 26an, asteartea, 10:00etan, Antiguako AEKn
Otsailaren 27an, asteazkena, 09:30ean eta 17:00etan, Amarako AEKn




Ipuin kontaketa eta hizketaldia

"Basoaren alaba" ipuin laburren bildumean oinarritutako ipuien kontaketa eta hizketaldia eskainiko digu Leire Zinkunegik. Bizitza, heriotza, natura, lana, harremanak, bidaiak, hausnarketak, etab. jorratzen dituzten ipuinak dira. Ordu eta erdiko saioa: hiru ipuinen kontaketa eta berauetan landutako gaien inguruan elkarrekin mintzatzea.
Martxoaren 7an, osteguna, 19:15ean, Groseko Irrintzi-AEKn



2018/12/05

Abendu-urtarrileko iriki atia saioak



Goiko irudiak dioenaren aurka, Iriki atia saioei bukaera ez, hasiera eman genion joan den astean. Hasiera bikaina, gainera, izan ere, Zineuskadi elkarteak finantzatzen duen Filmazpit programatik HAPPY END (Michael Haneke, 2017) filmaren emanaldi berezia antolatu zen Euskaraldiaren baitan. Zinemaz gozatu ondoren Maider Oleaga zinemagileak gidatu zuen tertulian parte hartu genuen.

Abendu-urtarrilerako prestatu ditugun saioak dituzue jarraian:


"Bestea naiz" erakusketa Koldo Mitxelenan

Agerikoak diren arrazoiengatik, migrazioak gaur-gaurko gai bilakatu dira azken urteetan. Gai horri helduz, Alicia Txillida arte komisarioak errealitate hori lantzen duten hamalau artistaren lanak bildu ditu Koldo Mitxelena Kulturuneko erakustaretoan antolatutako azken erakusketan.
Abenduaren 13an, osteguna, 18:15ean



Tabakalerara bisitan

TabakaleraProiektu kultural honek garai batean Donostiako tabako fabrika izandako eraikinean du egoitza. Eraikinaren historia eta berezitasunak, bertan lan egin zuten pertsonen memoria eta esperientziak, eta egungo proiektu kulturalaren espazio eta arloak ezagutzea izango da bisitaren xedea.

Urtarrilaren 30ean, asteazkena, 09:30ean.





Kayakez Groenlandian, iceberg eta glaziar artean

Josune Otxotorenaren diaporama: "Artikoko uharte honetan pilatzen omen da gure planetako  ur gezaren hamarrena, oraingoz. Itsasertzeraino heltzen diren glaziarren mihien aurrealdeetan nabigatzen, fiordoetako berdeen artean, ur urdinetan barrena iceberg zuriak ferekatuz ibili gara kayaketan..."
 
Abenduaren 10ean, astelehena, 09:30ean, Antiguako AEKn
Abenduaren 11n, asteartea, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean
Abenduaren 13an, osteguna, 09:30ean, Amarako AEKn





Erlea eta erlezaintza

 

"Erlemundua" egitasmoko Bidatz Sasiainek Erlea eta erlazaintza: naturarentzat ezinbesteko sinbiosia gaiari buruz hitz egingo digu.
Urtarrilaren 14an, astelehena, 09:30ean, Zuhaizti ikastetxean 
Urtarrilaren 15ean, asteartea, 10:00etan, Antiguako AEKn
Urtarrilaren 16an, asteazkena, 18:00etan, Antiguako AEKn 
Urtarrilaren 30ean, asteazkena, 09:30ean eta 17:00etan, Amarako AEKn