2012/05/31

Bertso eskolatxoa Amets Arzallusen eskutik


Ondoko irakaspena eman digu Amets Arzallusek Irrintzi-AEK euskaltegian:  denok dakigu bertsotan, eta gutxien uste dugunean egiten dugu bertsotan. Gaizki ere lotsarik gabe egin behar da, zeren eta gaizki ari garela uste dugunean, behar bada ongi ari gara.

Hasteko, bertsoaren nondik norakoak azaldu dizkigu entzuleriari galderak botata: Bertsoa zer da? Zein bertsolari ezagutzen dituzue? Zuen familian norbaitek egiten du bertsotan? Edo bertso zaharrak kantatzen ditu? Zer da errima bat? Zer da neurria? Nola egiten du bertsolariak bertsoa?

Parte hartzaileetako bat  Ametsekin solasean.

Bera bertsotan nola hasi zen kontatu digu gainera: sei urte zitueta aitak bertso hasiera emanda...


Bihar joan beharra dago ikastola?

honelaxe jarraitu omen zuen Ametsek:

Kotxez edo motorrez ez dakigu nola...

Youtubeko bideo honetan azaltzen du berak botatako edo, behinik behin, gogoratzen duen lehen bertsoa nola osatu zuen. Horrekin batera  guztion artean kantatu dugun bertso-sorta ere azaltzen da: jolastea da... Nonbait, Bilbon "prohibido jugar" zioen afixa irakurri ondoren osatutakoak. Horiek ahotsak horiek!


Jolastea da...            (haurtxo txikiaren doinuan)

Jolastea da eskutik heldu ta hankak paseatzea,
jolastea da pareta hizkitan irakurtzen saiatzea,
jolastea da ziba askatu ta zeba ahoskatzea...
Noren ideia izan da ama jolasa debekatzea?

Jolastea da zilipurdika lurrak kordea galtzea,
jolastea da adar batetik hankak zintzilikatzea,
jolastea da pixerreketan parkeak nabigatzea...
Ta kremaillera trabatu bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da denbora pasa ordularia galtzea,
jolastea da enbor batean zirkuluak kontatzea,
jolastea da kabira igo eta kuku kantatzea...
Ta masailean hatz marka bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da oherakoan ilargia itzaltzea,
jolastea da pijama jantzi ta ametsak esnatzea,
jolastea da kontrabentanan opari bat zabaltzea,
ta egunsenti lapurtu bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da kulunpioa, jolastea ohatzea,
jolastea da olatutxoa, jolastea baratzea,
jolastea da umetokia, jolastea da etxea...
Adin txikiko kartzela bat da jolasa debekatzea.

Jolastea da zuhaitz atzean mundutik ezkutatzea,
jolastea da zapiarekin betiko eskapatzea,
jolastea da hitzak askatu, ta bizitzak asmatzea...
Debekuekin jolastea da jolasa debekatzea.

Eta bertso berriak ere osatu ditugu denon artean; jakina, Ametsen ezinbesteko laguntzarekin.

Hitz bat emanda, kasu honetan mobila, errimak bota ditugu parte hartzaileok. Guztietatik bila, abila eta leihatila aukeratuta, bertsoa egin dugu:

Zuk hala uste arren ez zara abila
kokoteraino zaude entzunez mobila
bota nahiko bazenu horra leihatila
baina bota orduko baietz joan bila

Eta beste bertso bat, entzule batek Rato hitza (Bankiako presidentea zena) proposatuta:

Asko jaten duena gelditzen da bapo
baina dena amaitzen da ta azkenean papo
Bankia sortu zuten baina zertarako
orain ikusi dugu zer gizon den Rato
a zer birigarro eta a zer pajarrako!

Eskerrik asko, Amets, gozamena izan duk.




2012/05/15

Maiatz eta ekaineko egitaraua

Hementxe duzue iriki atiako hurrengo asteetarako egitarau oparoa. On dagizuela!


Gau lana edo Kontrabandoa
Rosa Arburua irakaslea Bidasoa inguruko kontrabandoaz solastuko da, eta hamaika pasadizo eta anekdota kontatuko dizkigu.

Noiz: maiatzaren 22an, asteartea, 18:30ean.
Non: San Telmo museoan.                                                          

San Telmo Museoaren erakusketa iraunkorra
Erakusketa honetan historiaren bilakaeran euskal gizarteari itxura eman dioten gertaera gogoangarriak, jokabideak eta pentsatzeko eta bizitzeko moduak aurkeztuko dizkigute.

Noiz: maiatzaren 24an, osteguna.

Bertsolaritza
Bertsoen nondik norakoak ezagutuko ditugu Amets Arzallus hendaiarraren laguntzaz, bai eta bertsoak osatu ere.

Noiz: maiatzaren  30ean, asteazkena, 09:30ean.
Non: Irrintzi AEK euskaltegian.                                                                                                                                                                             

Mikronesia (Itsaso Bareko irla multzoa)
Saio honetan bertako jendea nola bizi den ikusiko dugu: hango familiak nola antolatzen diren ikusi eta gure familia ereduarekin alderatuko dugu.

Noiz: ekainaren 5ean, asteartea, 09:30ean.       
Non: Antiguako AEKn                                                                                           
-----------------------------------------------------
Noiz: 1)ekainaren 6an, asteazkena, 17:00etan.
        2)ekainaren 7an, osteguna, 09:30ean.
Non: Amarako AEK euskaltegian

Donostiako euskararen historia
Donostiako euskararen historia laburbiltzen duen bisita gidatu bat udaletxetik aterata, Ijentea kaletik. Donostiako hainbat puntu esanguratsuetan geldialdiak egingo ditugu (Parte Zaharra- Erdialdea) eta ordu eta erdian Donostiako euskarari buruzko historiaren berri jasotzeko aukera izango da. 
 
Noiz: ekainaren 15ean, ostirala, 09:30ean.
Non: Ijentea kaletik (Udaletxe paretik) aibatuta.

Euskal Kantagintza Berria  
Ez dok Amairutik hasita Negu Gorriak bitarteko kantagitzari errepasoa emango diogu, bai eta kantarik garrantzitsuenak abestu ere, Andoni Tolosa Morauren gitarrak lagunduta.
 
Noiz: ekainaren 21ean, osteguna, 18:30ean.
Non: San Telmo museoan.                                                                      
                                                            
Saio irekiak DOAN!!
Izena aurrez eman behar da:Tel: 943 327611/607596112
donostia@aek.org http://www.irikiatia.blogspot.com


Mintza eguna

Aurtengo Mintza Eguna Santurtzin izango da, ekainaren 2an. Egitaraua: itzela, eta azpimarratzekoa: Gurasolaguni indarra eman nahian, umeak bereziki kontuan hartu dira egitaraua diseinatzerakoan.
Informazio gehiago: http://praktikatu.blogspot.com.es/