2016/05/18

IV. euslogan lehiaketa




Kirola sustatzeko esloganak bidali eta Apalategui Kirolak dendan 100 euroko erosketa-txartela irabazi!

  
Kirola sustatu eta saria eskuratu!

Donostiako AEK-k euskarazko eslogan lehiaketa antolatu du “iriki atia, donostiar euskaldun eta euskara ikasleen topalekua”ren ekintza osagarri moduan.

Euskarazko sormena lantzea du helburu; izan ere, erdaraz pentsatutako goiburu edo esloganak nagusi baitira egun publizitate arloan.

Lehiaketa honetan, kirola sustatzeko asmoa duten esloganak osatu beharko dira. 

Zer da eslogana edo slogana?

Jendearen arreta piztu eta erakartzeko esaldi laburra. Produktu edo ideia bati buruz pertsonek duten jarrera aldatu edo finkatzea du helburu.

I. lehiaketan euskararen erabilera bultzatzeko leloak asmatu behar ziren, eta ondokoak irabazi zuen: “euskararen giltza, elkarrekin mintza, ”. Bigarrenean, berriz, bertako produktuen kontsumoa sustatu nahi genuen, eta irabazleek hauxe sortu zuten: “Nahi baduzu gozatu, hemengo produktuak dastatu". III. lehiaketan landaturismoa sustatzea zen gaia eta "Ahokada bat haize, landetxean aise" esloganak irabazi zuen.

OINARRIAK:

1.- 2016ko maiatzaren 23tik ekainaren 12ra egongo da zabalik lehiaketan parte hartzeko epea, eta nahi adina eslogan bidali ahal izango dira.
2.- Esloganak euskara hutsean izango dira.
3.- Esloganek jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izan behar dute.
4.- Gaia: esloganak kirola sustatuko du.
5.- Esloganak honako helbidera bidali behar dira: donostia@aek.eus honako datuak erantsiz: izen-abizenak, herria eta harremanetarako telefono zenbaki bat.
6.- AEKren Donostiako euskaltegietako zuzendariek eta AEK-ko komunikazio arduradunek osatuko dute epaimahaia. Epaia ekainaren 17an jakinaraziko dugu www.irikiatia.blogspot orriaren bitartez, eta apelaezina izango da.
7.- Saria: irabazleak 100 euroko bonoa irabaziko du Donostiako Apalategui kirol-dendan kirol-produktuen truke aldatzeko.
8.- Parte hartzaileek AEKri uzten diote, esklusiban, esloganak erabiltzeko eskubidea.
9.- Lehiaketa honetan parte hartzeak berez dakar oinarrion erabateko onespena.

2016/05/12

Maiatz-ekaineko saioak

Ikasturte honetako azken egitarauarekin gatozkizue. Ea zuen gustukoa den!

Eman izena beldurrik gabe! Animo!


2016/05/05

Bagerako bi saiotako irudiak
















Erleak eta erlazaintza
Apirilean Aitor Zabala erlezain pasaiarra izan genuen gure artean. Erleen gaineko hainbat bitxikeria kontatu zizkigun (bazenekien erle langileak 40 egunez bakarrik bizi direla eta erregin bost urtez bizi litekeela? Erleen artean ere pribilegioak ditu monarkiak...); horrez gain lau ezti mota dastatu ahal izan genituen, zein baino zein hobea!




Bertsolaritza
Hilabete lehenago, martxoan, Amets Arzallus hendaiarrarekin bertso-eskola txiki bat izan genuen. Hainbat bertso osatu genituen, hainbat doinu eta errimatan. Ondoko gaia jarrita, hurrengo bertsoa osatu genuen.

Gaia:
"Gaur zezenketen inguruko eztabaida bat entzun dut irratian, izenpedura bilketa bat egin dutela Donostian herri galdeketa bat antolatzeko zezenketei buruz. Galdeketa txiki bat eginen dugu hemen, eta aldeko edo kontrako bertso bat idatziko dugu."

Bertsoa:
Gure festa bat ezin da izan
zezenen sufrikario
horregatikan Donosti hontan
Illunbe horri adio
eta gainera ze xahuketa
dirua dela medio
ze miseria txalo ozenez
hartu beharra herio.

Tira, ez da Euskal Herriko txapelketa irabazteko modukoa, baina...