2017/12/20

Abendu-urtarrileko iriki atia saioak


 Kaixo, lagunok!

Abenduan Ander Izagirre kazetariak lau saio eskaini dizkigu berriki saritu dioten liburu batean oinarrituta: "Potosi". Euskadi literatura saria irabazi du erderazko entsegu arloan liburu horrekin.
Anderrek bi bidaia egin ditu Boliviara hango meatzarien bizimodu gogorra ezagutzeko asmotan, bereziki haur meatzariena. Bigarren bidaian emakumeek bizi duten ezkutuko errealitate gordinean jarri du arreta: sexu erasoak, tratu txarrak... Bertako hedabideek, eta orain arte idatzi den guztiak, meatzarien esplotazio eta lan baldintza eskasei buruz dihardute; emakumeek jasan behar izaten dutena, ordea, ez da inon ageri, ez da existitzen.

 Ander izagirreren emanaldia Groseko Zuhaizti ikastetxean. 25-30 lagun elkartu ginen.

Urtarrilean, berriz, ondoko saioak izango ditugu:

PALOMA NAVARES Argiztapenak 1977-2017
Lau hamarkadetan zehar, argia izan da elementu garrantzitsuena multimediaren arloan diharduen Paloma Navares artistaren lanean. Paloma Navaresek instalazioen arteari hurbiltzeko aukera eskaintzen digu. Atera kanpora zure sortzeko gaitasuna lantegi honetan, eta eraiki argi-kutxa sinple bat potoekin eta led argiekin.

Kubokutxa aretoan: bisita gidatua eta tailerra
Urtarrilaren 18an, osteguna, 18:00etan


MADAGASKAR
2016ko abuztuan Afrikako irla handi honetara egindako bidaia hizpide izango dugu Josune Otxotorenak eta Koro Mitxelenak prestatutako diaporamaren bitartez.

Urtarrilaren 16an, asteartea, 18:30ean, Antiguako AEKn
Urtarrilaren 17an, asteazkena, 09:30ean, Antiguako AEKn
Urtarrilaren 24an, asteazkena, 09:30ean, Groseko Zuhaizti ikastetxean

Animatu eta etorri!!!