2016/02/18

Inauteriak eta bizikletak

Zer zerikusi dute inauteriek eta bizikletek?

Aurtengo Tolosako inauterietan Frantziako Tourraren parodia egin zuen koadrilla batek...













Baina ez dizuegu horren berri eman nahi; bai, ordea, atzo, otsailaren 17an, iriki atian izan genituen bi saioren berri.

Alde batetik, Patxi Miner hernaniarrak bizikleta punttuan izateko aholku interesgarriak eman zizikigun Bagera elkartean: balaztak eta aldagailuak nola doitu, gurpila zulatutakoan partxea behar bezala nola jarri, katea zenbatean behin aldatu behar den eta zein garrantzia duen garaiz aldatzeak, olioa eta koipea non bota... Kontuz! Ez bota sukaldeko oliorik kaltegarria baita!
Benetan oso mamitsua izan zen ordu eta erdiko saioa.
















Bestalde, Amara Berri-AEK euskaltegian "Inauteria, natura gizakiaren kontra" liburua aurkeztu zigun Edu Zabalak.
Egilearen iritziz, inauteria gizakiak naturaren kontra hastapenetatik daraman borrokatik sortua da, etengabeko borroka horren antzezpen errituala. Gizakiak gero eta gehiago meneratzen du izadia. Azken erronka heriotza gainditzea litzateke, hau da, hilezkortasuna lortzea. Horretarako gizateria beste aldi berri batean sartu beharko litzateke, energia unibertsalarekin bat eginez, ama-lurra errespetatuz eta etengabeko ekoizpenari behin betiko amaiera emanez. Bestela, natura izanen da gizakion epaile gupidagabea, beti gertatu den bezala.
Hauxe da Edu Zabalak ibilbide magiko-mitologiko honetan zehar agertzen digun teoria ausarta.


2016/02/12

Otsail-martxo-apirileko saioak

Kaixo, guztioi.

Hiruhileko honetako programazioa duzue hauxe. Gogoratu saio irekiak izanda ere, aurrez izena eman behar duzuela!

 

Inauteria, gizakia naturaren kontra

Edu Zabalak argitaratu duen inauteriaren oinarri zaharrei buruzko ikerlana hizpide izango dugu irudiez lagunduta.
Amarako AEKn, otsailaren 17an, asteazkena, 19:00etan

Bizikletaren mantentze-lanak

Patxi Minerrek gure bizikleta puntu-puntuan jartzeko aholkuak eman eta hainbat trikimailu erakutsiko dizkigu.
Bageran, otsailaren 17an, asteazkena, 18:30ean

Lore-bitxigintza

Lehenik, naturarekin lotura duten bitxigileak ezagutuko ditugu eta material naturalak bereganatzeko dituzten bideak aztertuko dugu. Ondoren, material naturalak itsasteko teknikak ikasita, besoan ipintzeko pultserak egingo ditugu.
Antiguako AEKn, otsailaren 24an, asteazkena, 09:30ean

Begiak irekita

Kubokutxako erakusketa honek Marta Cardenasen (Donostia, 1944) obrara bi atal handiren bidez hurbiltzea proposatzen du: Barrualdea eta Kanpoaldea.
Martxoaren 16an, asteazkena, 10:00etan
Martxoaren 17an, osteguna, 18:30ean


Bertsolaritza

Bertsoen nondik norakoak ezagutuko ditugu Amets Arzallus hendaiarraren laguntzaz, bai eta bertsoak osatu ere.
Bageran, martxoaren 16an, asteazkena, 18:30ean

Erleak eta erlezaintza

Erlemunduko lagunek erleek eta erlazaintzak polinizazioan eta naturan duten garrantzia azalduko digute, besteak beste, eta ezti gozoa dastatzeko aukera ere izango dugu.
Bageran, apirilaren 20an, asteazkena, 18:30ean

Emakumeak eta itsasoa

Untzi museoak berak produzitutako aldi baterako erakusketa honek emakumeek historian zehar itsasoarekin izan duten harremana jakinarazten dio jendeari.
Apirilaren 28an, osteguna, 15:30ean
Apirilaren 28an, osteguna, 18:30ean