2014/12/19

Suturak eta mundu zaintzaileak

San Telmon "Suturak" erakusketari egindako bisitaren erakusgarri, hona hemen pare bat argazki:






Bertan egungo euskal artista askoren lanak ikusi ahal izan genituen, garaiko gizarte gaiekin lotutatako lanak, hain zuzen:  generoa, gazteen emantzipazioa, bullyng-a, bandalismoa vs. artea, eta abar.


Bestalde, Ander Izagirrek "Mundu zaintzaileak" izeneko ikus-entzunezkoa eskaini zigun lau alditan AEK-k Donostian dituen hiru euskaltegietan. A zer gaindosia!

                                                  Antiguako AEKn



Anderren "Mundu zaintzaileak" liburuaren aurkezpenaren harira Maitane Aldanondok Irutxuloko Hitzan idatzitakoa ekarri dugu hona, merezi duelakoan.



Munduko txoko bat aukeratu eta beren indar, ahalegin eta dirua horretan jartzen dute. Meriturik eskatu gabe. Gunea maite dutelako, besterik gabe». Pertsona horiek betetzen dituzte Ander Izagirreren Cuidadores de mundos (Munduen zaintzaileak) azken liburuaren orriak. Bertan, kazetari donostiarrak izena jarri eta hitz egiteko aukera eman die ezer jasotzeko asmorik gabe lan hori beren gain hartzen duten zaintzaile anonimo horiei.
«Paisaia bat, haran bat, herri bat... Leku horiek politak dira, baina, horiek deskribatu ordez, pentsatu nuen hobe zela toki horietan zeuden bizitzak eta bizimoduak kontatzea». Entzunda zituen kontuak jarraituz, ingurukoei eta bestelakoei galdetuz pertsonaiak eta istorioak aurkituz joan zen.
«Istorio miresgarriak zirela iruditu zitzaidan, meritu handia zutela egiten zutenagatik, eta zabaltzea merezi zutela, esker on pixka bat jaso zezaten besteen aldetik». Bakoitzarekin egun erdi bat pasatzen zuen hizketan eta paseoan. Eremu txiki horiekin zein harreman zuten ikusi nahi zuen Izagirrek; leku batzuetan nola hunkitzen ziren, nola hitz egiten zuten... «Oso maitekor eta pasio handiarekin azaltzen zuten beren egitekoa, baina, normalean, oso umilak dira: ez diote garrantzi handirik ematen egiten dutenari».
Iturriak, sustraiak eta bideak
Batzuentzat, beren bizimodua da, baina askok modu altruistan egiten dute lan hori, denbora-pasa edo gustuko dutelako. Javier Etxeparek, adibidez, 200 iturritik gora egin ditu Araban. Egun batean lagunekin mendian zebilela egarriak zeuden, eta, iturririk ez zegoenez, egin egin behar zirela pentsatu zuen. Horregatik, porlana eta hodi puskak hartu eta hori egiten hasi zen.
Bizkaiko arotz baten istorioa bitxiagoa da. Koman egon ondoren, herrenka ibiltzen zen. Hildako sustrai bat mugitzen hasi zen, eta horrek energia eman eta berriro indarberritu zuela sentitu zuen. «Orain, berari emandako bizitza hori hildako sustraiei ematen die, artelan bilakatuz. Oso pisuak ziren batzuk oparitu zizkidan, eta sustraiek indarra eman diotela erakutsi nahi izan zidan autoraino garraiatuz».
Donostian nahiko entzuna da Uliako bideak norbaitek zaintzen dituela. Baina askok ez daki, Josetxo Mayorrek 20 urte daramatzala goizero mendiko bideak lehengoratzen. «Ulian orain dauden bide eder horietan ibiltzen direnetako askok ez daki nori esker ibil gaitezkeen hain bide ederrean. Eta lan hori Josetxori zor zaio», azaldu du Izagirrek.
Lehen, jaiegun eta asteburuetan Uliara igotzen zen; orain, hamar urte erretiratu zenetik, egunero, goizeko zazpietatik hamarretara bitartean. «Hark esan zidanez, txikitan han asko ibiltzen zen, eta, urteak pasatu ahala, ikusi zuen haurtzaroko bide horiek guztiak galduta zeudela, sasiak janda. Horrek amorrua eta pena handia eman zion, eta, horregatik, bere borondatez hasi zen bidea garbitzen».







No hay comentarios: